Ingurunea
Kaixo eta ongi etorri Oihandi bailaran, Urkiola eta Gorbeia parke naturalen artean bizi den herri txiki honetara, Otxandiora. Kokapen honek natur inguruneaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko dizu, herria inguratzen duten baso, mendi eta hezegunetan barrena urtaro bakoitzak eskaintzen dizkigun kolore usain eta soinu festan murgilduz.
Herri zaharra da Otxandio, 800 urtetik gorako historia duena, esta denboraren igaroak bere arrastoak utzi ditu herri osoan zehar. Horren lekuko agerikoena Monumentugune izendatua den alde zaharra duzu, Erdi Aroko arkitekturaren adibide ugariz hornitua. Baita iragan hurbilagoan otxandiotarron bizitza suaren eta odolaren gorriaz tindatu zuen bonbardaketaren oroimen ikur izan nahi duen Andikona Plaza eraberritua.
Baina iragana iragan, Otxandio herri bizia eta alaia dela berehala ohartuko zara erdigunean dugun kale-giro paregabean murgiltzen bazara. Oinezkotutako kaleetan zehar edo Plaza Nagusian umeak lasai dabiltzan bitartean, gure herriko poteo giro biziaz gozatu ahal izango duzu.